Morten Skoubo daniarra Realarekin aurkeztuta izan da gaur goizean. Aurrelari berriak ilusio handiarekin datorrela esan du, eta 12. zenbakia daukan bere kamisetarekin harro agertu da argazkilarien aurrean. 2010 ekainak 30 eguna arte sinatu du bere hitzarmena, eta Realak bere jatorrizko Brondby klubari 2,5 miloi euro ordaindu dizkio futbolaria fitxatzeko. Aurkezpenean jende gehiagorekin egon da: Miguel Fuentes presidentea, Jose Mari Bakero kirol zuzendaria eta Jose Mari Amorrortu entrenatzailea.
Fuentesek esan duen bezala, Skouboren fitxaketa ez da bakarrik Realaren interes baten ondoria, "jokalari berberaren nahiarena ere" baizik. "Skoubok beti azaldu du bere etortzeko erabakitasuna, eta hori oso garrantzitsua da guretzat: negoziatzen ari garen bitartean futbolaria gure taldean jokatzeko ilusioa nabarmena dela ikustea". Teknikoek azaldu duten "behar bati erantzuna emateko" ekarri dute Skoubo, eta Kontseiluaren asmoa, beti bezala, "oreka ekonomikoa errespetatuz taldea indartzea" izan da. Horrela, "Reala zuzentzen dugun momentutik Kontseilu honek beti esan duenaren froga berri bat da hau: kirol arloa dela gure lehentasuna dela, batez ere lehen taldea. Hori da klub honen ardatza".
Jokalari berriari hitza utzi baino lehen, Fuentesek ongietorria egin dio, eta Donostian pozik biziko dela "eta guztiok zure futbolarekin ongi pasatuko dugula" ziurtatu dio ere.
Erronkari aurre egiteko "prest"
"Niretzat, Realara etortzea aukera handi bat da. Reala nire atzean zebilela jakin nuenean ez nuen etortzeko inongo zelantzarik izan", bermatu du Skoubok. Oraingoz, daniar ligan "jokalari on bat naizela" frogatu du, eta hori txapelketa indartsu batean egiaztatzeko nahiarekin dator, hemen "nire burua hobetzera, eta ikastera, nator". Badaki bere inguruan ekarri duen ikusmina sekulakoa izan dela, eta "gogor lan egiteko irrikan" dago. Zenbait egun daramatza bere burua prestatzen, baina bere forma puntu egokian ez dago oraindik, oporrak ere ospatu dituelako.
Michael Laudrup espainako Ligako izarra bere Brondby taldearen entrenatzailea izatea Realara etortzeko laguntza bat izan dela baietsi du Skoubok: "Noski, berarekin hitzegin du, eta hau herri on bat dela badakit, euskal jendea jatorra dela eta hemen ederki bizi dela". Laudrupek hitz positiboak esan dizkio Reala eta Ligari buruz, adibidez "hemen futbola garrantzizkoa dela baina fanatismorik ez dagoela", horregatik "Michael nire erabakiko parte txiki bat izan dela" esan daiteke.
Danimarkan "telebistak Liga espainarrako partiduak igortzen ditu", eta horregatik Realako hainbat xehetasun ezagutzeko aukera izan du Skoubok. Taldeak "futbol ona egiten duela", adibidez. "Dinamarkan hemengo ekipo guztiek futbol ona jokatzen dutela esan ohi da, eta egia dela ziurtatu dut". Jokalariak badaki Reala talde "gaztea, eta atzerritar gutxiduna" dela, eta talde osoa da bere iritziz azpimarragarriena, ez "banakako jokalariak".
Skoubok Kovacevic ezagutzen du, "jokalari oso on bat dela dakit", eta bere artean zelai gainean ondo konpontzeko arazorik ez ditu nabaritzen: "Nik toki ugarietan jokatu dezaket, eta neure ezaugarriak ditut", adierazi du. Hala ere, guzti hori "entrenatzailearen erabakia da, ez nirea".
Gehitzera etorri da, ez inor ordezkatzera
Hau dela eta, Jose Mari Bakero kirol zuzendariak Skoubok Realaren hobekuntzarako bere talentua gehitu nahi duela azpimarratu du, eta ez dela inor ordezkatzera etorri. "'Mister'rak jakingo du bere jokalarien hoberena ateratzea", Kovacevic eta Skoubo; eta garrantzizkoena ez da nork jokatuko duen hasierako hamaikakoan, "taldearen mesedea" baizik.
"Udara baino lehen Skoubo nire zerrendan neukan jadanik", jakinarazi du Bakerok. Eta normala den bezala, aurrelaria fitxatzeko negoziazioak azkartu ziren Kovacevic lesinatzean, Amorrorturen aholkuak jarraituz. "Bere bi partidu zuzenean ikusi ditut", eta hori egitean "zalantzarik gabe, behar genuen jokalaria dela" baieztatu du kirol zuzendariak. Bai Laudrupek, Bakeroren Bartzelonako taldekide ohia, bai Danimarkako hautatzaileak futbolariari buruzko erreferentzia onak adierazi dizkiote Bakerori, "futbolaren arlokoak eta pertsonalak ere".
Skouboren estiloa definitzean, bere 1,93 metroek goitiko jokoa egiteko jokalari berezia bihurtzen dute, "bai erasotzerakoan, baita defendatzean". Gainera baloi jabetza galtzen ez duen gizona da, "partidu osoan zehan konzentratuta mantentzen da" ere eta "oso eraginkorra". Indar handiz korritzeko gai da, eta Brondbyn aurrelari bezala azken aldi honetan jokatzen bazuen ere, "ia zelai erdian" erakutsita dauka bere trebezia. "Ekipoko jokalari bat da" beraz, "Realan nahi ditugunak bezala", dio Bakerok.
Bere jatorrizko klubean Skoubo "erreferente bat" izan dela ezin dugu ahaztu; baita internazionala dela eta daniar liga espainarra bezain indartsua ez den arren Brondbyk urtero Europan aritzen dela ere. Bere adina, 25 urte, bere karreran aurreapauso bat egiteko ezin hobea da. Bakeroren esanetan, "gaurkorako eta etorkizunerako fitxaketa bat", hain zuzen.